XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Tribu hauek hartz katibua tratatzeko duten eran, zenbait ezaugarrik gurtzaren antz osoa dute.

Hala, adibidez, bizirik eta hil ondoren eskaintzen zaizkion otoitzak; animaliaren burezurraren aurrean utzitako janari-eskaintzak, bere haragiarenak barne;

eta gilyaken usadioa, piztia bizia ibaira eramatekoa arrantza ona izateko, eta etxez etxe eramatekoa familia guztiek haren bedeinkazioa jaso ahal dezaten, Europan maiatz-arbola edo zuhaitz-izpirituaren ordezkari pertsonala eramaten zen bezala, atez ate udaberrian, ernetzen ari zen naturaren indar berriak denengana zabaltzeko.

Orobat, haragi-odolak jateko eta edateko usadio itzaltsuak, eta bereziki ainoen usadioak piztia hilaren aurrean jarriz sagaratutako edalontzitik parte bat hartzea sakramentuaren itxura guztiak dituzte.

Eta horixe pentsarazten dute gilyaken honako ohitura hauek ere: haragiarentzat ontzi bereziak gordetzeak, eta abagune erlijioso horietan bakarrik erabiltzen den tresna sakratu batez piztutako sutan egosteak.

Hain zuzen, ainoen erlijioaren gure aditu nagusiak, John Batchelor elizgizonak, gurtza gisa deskribatzen du argi eta garbi ainoek hartzari dioten begiruea, eta zera dio, animalia hori haien jainkoetako bat dela ezbairik gabe.

Izan ere, ainoek jainko esateko duten hitza (kamui) libreki erabiltzen dute hartza izendatzeko; baina, Batchelor jaunak berak argitzen duenez, hitz hori hainbat ñabardura desberdinez erabiltzen da, eta gauza askotaz hitz egitean; beraz, hartza izendatzeko erabiltzen delako ez daukagu ondorioztatzerik animalia benetan jainkotzat zeukatenik.

Izan ere, argi eta garbi esaten zaigu Sakhalingo ainoek ez dutela hartza jainkotzat hartzen, jainkoen mezularitzat baizik, eta animalia hiltzean ematen dioten mezuak adierazpen hori jasotzen du.

Nonbait, gilyakek ere Mendiko Jaunari hots, herriaren ongizatea bere eskuetan duenari bidalitako opariz zamatutako mandatari gisa ikusten dute hartza.

Aldi berean, gizonaz gaindiko izakitzat daukate animalia, jainkoxkatzat-edo; hura herrian eduki, zaindu eta jaten ematen dioten aldian, onurak zabaltzen ditu, bereziki izpiritu gaiztoen saldoak urruntzen ditu, etengabe aritzen baitira jendearen zelatan, ondasunak lapurtuz eta gorputzak gaixotasunen bitartez hondatuz.

Horrez gainera, hartzaren haragia, odola edo salda hartuz, gilyakak, ainoak eta goldiak animaliaren botere ahaltsuen parte bat bereganatzen dutelakoan daude, batez ere haren adorea eta indarra.

Ez da harritzekoa, beraz, hain ongile handia begirune handienaz eta xeratsu hartzea.

Argi pixka bat egin liteke ainoek hartzengana duten jarrera anbiguoaren gainean, (...)